Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 2. kapitulua

bio2a

Lehen saiakerak eta lehen kamusadak

Lagunen artean sortu genuen, institutuan ginela noski, (lehen musika taldeak sortzeko lekurik aproposena) Crapulam Dormirae taldea. Bai, badakit, izen xelebrea, inondik inora. Kontuan hartu garai hartan institutuan latina eta grekoa lantzen genituela eta hori gutxi balitz, Flavio izena zuela taldeko biolin-jotzaile eta zutabe musikaletako batek. Erreferentzia klasikoak horretan utzi behar. Flavio Salvadorrez (Madarikatuak) gain, Putre (Madarikatuak), Pepe Otxandorena (Aintzina, Alboka...) eta Justo Vangenebergk osatu genuen hasierako taldea. Sex Pistols eta The Chiefftains entzun, parranda ugari egin, porroak erre, oilategi batean entsaiatu (oiloak atera behar genituen hasi baino lehen eta bukatutakoan berriro sartu). Lemoizen aurkako hamaika jaialditan jo (artean komite antinuklearretako kide nintzen) eta sortu bezala, handik lau urtera desagertu, atzean ondare handirik utzi gabe. Zarama bigarren geratu zen Euskal Musika 80 lehiaketan parte hartu genuen Mandiope diskotekan (Itziarren) eta ez ziguten inongo aipamen berorik egin.

bio2b Gure lehen emanaldi publikoa, nola ez bada, Hernanin burutu genuen artista "nobelentzat" antolatzen zen lehiaketa horietako batean. Oker ez banago, hiru kantu egin genituen eta horietako bat Cat Stevensen Moonshadow ezagunaren bertsio instrumentala izan zen. Hori bai, Donostiako alde zaharreko kaleetan, musika tresnak eta ekipoa erosi ahal izateko sos batzuen bila, jo genuen guztietan udaltzainak ez ziren ausartu gu altxaraztera, kale musikari gehienekin egiten zuten moduan. Ez dakigu onak ginelako, jende ugari biltzen zelako gure inguruan edo nerabe inozoen itxura genuelako. A, eta behin Ruperren telonero izan ginen Hernaniko Irazusta zineman, hura "Hautsi da Anphora" lehen diskoa aurkeztera etorri zela. Uste dut Ruperrekin baxua jotzen aritzen zen Josu Zabala (Hertzainak, 7 eskale, Gu ta Gutarrak...) oraindik akordatzen dela gure emanaldi "surrealistarekin"... Baina hori beste istorio bat da.

Artean, musikaren arrak kabi gozoa eraiki zuen nire barruan. Hori gozatuak hartzen genituen Putreren (Joseba Andoni Laburu) etxean, haren osabak, Imanol Larzabalek Paristik ekarritako diskoak entzuten. Orduan, geuk etxean ez geneukan "tokadiskorik", mono entzuten zen kassete txatxu bat besterik ez, Putrek bai ordea, maleta gisara irekitzen zen horietako bat zuen, alde batean diskoak jartzekoa eta tapan bozgorailua. Orduak ematen genituen etxean diskoak entzuten. Horrela ezagutu genituen Moustaki, Brassens, Dylan, Bob Marley eta beste hainbat. Gainera, Putrek garai hartan elektronika zeritzona ikasten zuen eta oso trebea zen horrelako tramankuluekin, eskuz egindako bafleak, birziklatutako anplifikadoreak, zer ezin zuen egin kable puska eta estainadore batekin... Musikaz gain, eskulangintzan ere, asko ikasi nuen Putrerekin. Tartean porroa joan eta porroa etorri.

Crapulam desagertu eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, batzuek, Pepe Otxandorena kasu (Alboka, Aintzina...), ibilbide luzea burutu dute euskal musikaren munduan. Beste batzuek lana, emakumeak eta handik ez oso luzarora familia. Institutu garaia bukatu zen (teenager iparamerikarrak ez dira hain ezberdinak) eta ez genuen elkar asko ikusten. Putre eta biok ordea oraindik denbora asko ematen genuen elkarrekin. Neu, saltsero senari jarraiki eta musikan etorkizun handirik ez nuela erabakita, antzerkian lardaskatzen hasi nintzen.

Prozedura logikoa jarraitu nuen oraingoan ere. Udalak antzerki ikastaro bat egiten du, koadrila bat biltzen da eta ikastaroa bukatu ondoren koadrilak elkarrekin jarraitzeko antzerki talde bat osatzea erabakitzen du. Taldeak Titirikoko izena hartu zuen eta bertan beste hiruzpalau urte eman nituen, patuak antzerkian ere zer egin handirik ez neukala modu askotan erakutsi zidan arte. Zaila izaten da patuaren lehen deiari erantzutea eta denbora mordo bat galtzen dugu seinale horiei arretarik ez jartzeagatik. Probatu beharra zegoen, ordea, eta probetan hasiz gero, hobe gogoz ekitea, ezin erdibidean geratu.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons