Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Bukatu bezain laster sortu zitzaigun itzultzeko gogoa


Munduko terraza VIPenetako batean afaldu genuen

data2015-08-02data  Azkenean bai, azkenean jo genuen Usurbilen eta hantxe zeuden Jexus (ailoviu) eta Agirresarobetarren familia erdia, eta Mikel, eta Lou, eta Giorgio, eta aspaldi ikusi gabeko Toto, eta... Bai, Usurbilera iritsi ziren gure arraintxoak Oria ibaitik behera, angulek egiten duten bideari jarraika. Inguruko herrietako haurren inbidia zen txirristrarik gabeko Mikel Laboa plazara, hura baitzen gure Sargazoetako itsasoa. Plazan bertan, izkin batean geratzen den halako "hemiziklo" txiki batean jo behar genuen, plazaren bataz-besteko alturaren metro bat azpitik, frontoiaren atzeko mural izugarria begira, tabernetako terrazetatik ikusteko moduan. Beñatek, bertan jolasten ari ziren haurrekin negoziazio gogorrak burutu ondoren, hasi ahal izan genuen montatzen. Berandu iritsiak ginen eta ez genuen denbora gehigirik galtzeko, Zorionek anfitrioi lanak ederki betetzen zituen bitartean, jateko eta edateko faltarik ez, (biak dira jaialdia antolatzen zuen Usurbilgo gaztetxeko kideak).

Montatu genuen, eta Jexux teknikari-lanean jarri genuen, horrela, nahiko soinu txukuna lortu genuen: hurbilen zeudenak gozatzeko modukoa eta urrutiago zeudenak, taberna-atarietan alegia, entzuteko modukoa. Ez da erraza horrelako egoeretan oreka egokia lortzea. Ezin ukatu, ez da zaila Usurbilen etxean bezala sentitzea, geuri behintzat hala gertatzen zaigu, eta horrela aritzeak asko errazten dizkigu gauzak. Baina era berean, Imaginatu beldur eszenikoa, Mikel Laboa plaza, Zumetaren muralaren itzalean, maite dugun hainbeste jenderen aurrean,uuuf. Geu Atletik bagina, hauxe litzateke gure katedrala!!

Horrek ez du esanahi Usurbildarrak publiko erraza direnik, ezta gutxiagorik ere, are gehiago, kriterio garbiko jendea dela uste dut, eta beti mantentzen dute, badaezpadako, distantzia apur bat. Baina urrutitik dator Morau eta (hainbat) Usurbildarren arteko maitasun-harremana. Alegiarekin batera, hauxe da, ziurrenik emanaldi gehien eman ditudan herria (Hernani ondoren, jakina). Plazan, hainbat tabernetan (Irrati...), Sutegin, txosna-gunean, Hangoian, eta nola ez Paradis Kabaret gogoangarrian... Memoriak huts egiten ez badit 10 bat aldiz jo dut Usurbilen, hortik atera kontuak. Zergatiak aztertzea besteren bati dagokionez, hortxe anotazio historikoa. Jarrai dezagun emanaldiaren kronikarekin.

Benetan, munduan topa daitekeen terraza VIPenetako batean afaldu genuen (musikari pobreon pribilegikoak), pixka bat arrapaladan, beranduegi ez hasteko, eta platerak garbi utzi genituenean (amak beti esandakoa beteaz) afaritik sobratutako ardo boteila hartu eta jaitsi ginen, Beñardok gladiadore-zirko gisara definitutako eszenatoki xelebre samar hartara. Geu nahiko lasai, are lasaiago euri arriskuak ihes egiten zuela ikusirik, eta to... Bagoaz aurrera: kantu txikiak egingo ditut...



Ez dakit oso garbi zer esan emanaldiaz. Hasieratik oso gustura sentitu ginela, eta agian, ez zigula beste batzuetan bezala presioak gehiegi eragin. Ez ditut zurituko gure, batez ere, nire hanka-sartzeak. Disimulatzeko gaitasun handia behar da, ez uste, eta kontzentrazioa berreskuratzeko arte apurtxo bat. Dena dela, ez ziguten gehiegi eragin, eta orokorrean, batez ere jaialdiak aurrera egin ahala, tono egokian aritu ginela uste dut. Hori konfidantza eragiten duena Jexux hor aurrean edukitzeak. Gainera, Inaxiogurepatroihandiaren egunaren bezpera zela-eta jendeak ez zuen presa handirik, eta giro, benetan, ederra sortu zen.

Ordu eta erdi luzeko emanaldiaren ondoren bi bis eskatu zizkiguten, eta hori bai, aspaldi egin gabeko Atzerritarrak eta, batik bat, Usurbilen jotzeak emozio berezia eragiten duen Montoiaren Zugan Gogoa egin genituen. Entzuleak saritzeko gure modu xumea (zigortzeko esango du baten batek). Lastima Beñardok hurrengo egunean lana edukitzea, emanaldi ondoren gustura geratuko baiginateke, han, lardaskerin, Irratin, Txiribogan, Txirristran... Baina ezin, di-da jaso eta alde egin genuen, atzean arima zati txiki bat utzita, benetan, GOGOA BETETZEN DIZUN EMANALDI HORIETAKO BAT IZAN ZEN GURETZAT, hurrengo egunean irribarre batekin esna-arazten zaituen horietakoa. Baita, alde komertzialetik ere, 15 disko saldu genituen, eta ez genuen inor etxeko atariraino besoetan eraman behar izan. Mila esker Usurbilgo gaztetxekoei eta bertaratu zineten guztiei, nahi duzuenean itzuliko gara kaka pixka bat ematera.



Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons