Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Tabernetan jo eta bizirik ateratzeko dekalogoa


data2015-10-17data  Noraino maite dudan tabernetan jotzea?... Asko. Zein motako tabernetan?... Edozeinetan; txikiak, handiak, zaharrak, berriak, zabalak, estuak, ezagunak, ezezagunak... Aldian aldiro tokatzen zaizuna ongi dago. Nolanahi ere, baldintza "fisikoak" ez dira izan, sekula, muga. Baldintza "bizarroenetan" ere lortu dugu emanaldi txukunak egitea, etxetik kanpoko zelaietan hazitzen diren futbol-talde "modestuak" bezalakoak gara! Ea baden kantatzen ari zaren bitartean entzuleria isilik dagoen tabernarik?... Agian badago, baina ez dut ezagutzen. Zergatik egon beharko lukete isilik, zeu bazara haien espazioa okupatzera zatozena? Beraz zeintzuk dira taberna batean gustura jotzeko nahitaezko baldintzak? Hemen gida txiki bat.

  1. Ezinbestekoa da tabernako nagusia musika-zalea izatea. Berdin dio zein joera, estilo, zaletasun... Musikarekin arduratu beharra dauka. Ez bada horrela katastrofearen ahoan ibiliko zara beti.

  2. Ez izan oso materialista. Ez begiratu bakarrik sosari, eta saiatu tabernetan jotzeko bestelako motibazioak bilatzen. Bestela ikusiko duzu zein azkar utziko diozun kantatzeari.

  3. Behar teknikoak ongi definitu eta minimizatu. Zenbat eta trasto gehiago, orduan eta arazo gehiago.

  4. Behar tekniko horiek tamainan asetzeko nahitaezko tresnak etxetik ekarri beti (beti, beti, beti). Tabernariak "ekipoa badago, lasai" esaten dizunean, ez dakizu zer topatuko duzun, beraz, badaezpada ere okerrenean jarri.

  5. Noski, teknikari-lanak ere egitea toka dakizunez, tresna horiek ahalik eta erabilpen errazenekoak (teknologia izan daitezela, eta oinarrizko atarramendua ateratzeko moduan zure burua jantzi.

  6. Txikikeria guztiek dute garrantzia. Kontuz kableekin!! Era guztietako aleren bat eraman badaezpada ere, eta baita ere, nahitaezkoak dituzunen ordezkoak. Ez dakizu noraino baldintza dezakeen kable ziztrin batek zure jardun artistikoa.

  7. Espazio, leku, jende, egun eta ordutegi kontuei erantzun irudimentsuak emateko gaitasuna zorroztu. Tabernariak gauza bat eduki dezake buruan, baina bera gutxitan jarriko da gure larruan, beraz, aholkuak eman eta proposamenak egiteko moduan egon behar dugu. Baita, esperimentatzeko prest.

  8. Denborarekin joan, ezagutu lekua, hitz egin tabernariarekin, tabernaren eta "parrokianoen· ohiturak ezagutu, eta aintzat hartu. Taberna bakoitza ekosistema bat da. Eta askotan geu kanpotik etorritako "espezie" harrotza baino ez gara.

  9. Zeuk irabazi behar duzu jendea. Taberna bat, ezta munduko tabernarik onena ere, ez da antzoki bat, ezta sekula izango ere. Tabernetan kantariaren era entzulearen arteko harremana askoz ere horizontalagoa da, eta batzuetan musikarioi kosta egiten zaigu hori asumitzea. Geuk argi eduki behar dugu zergatik gabiltzan tabernetan kantari eta ez antzokietan.

  10. Ezustekoei aurre egiteko gaitasuna findu, sekula ez eman ezer egintzat, azken trastoa bildu eta autoan sartu arte.

Bada baldintza guzti hauek bete genituen joan den egunean Usurbilgo Irrati tabernan jo genuenean, eta majo disfrutatu genuen. Trato bikainaz gain, Mañuetako ardoaz gain, publiko selektoaz gain... Emanaldi horrek, baita ere, eman dit dekalogo hau osatzeko aitzakia, eta gainera, kamiseta bat... MILA ESKER TXURI ETA ZORIONAK IRRATI TABERNARI BERE 30. URTEBETETZEAN.

Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons